Berriro ere kalera atera dira Sanduzelaiko bizilagunak trafikoak auzoan sortzen dituen molestiak, arriskuak eta kalteak salatzeko. Oraingoan, berriro ere, auzoa banatzen duen biribilgunea da mobilizazioen arrazoia.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan entzutetsuak izan ziren auzoko mobilizazioak, eta egungo biribilgunea garai hartako lorpen moduan ere uler daiteke, hobekuntza bat suposatu zuelako. Orain, berriro ere, trafikoa da auzokideek jasaten duten arazo nagusienetakoa, eta berriro ere biribilgunea eztabaida iturri. Garai batean lorpena izan zena oraingoan berriro ere arazo iturria bihurtu da, eta, logikoa denez, biribilgunea lurperatzea eskatzen dute auzokideek.
Berriro ere herritarren mobilizazioa eta ekimenak dira hiria bizigarriago egiteko tresna ezinbestekoak. Mobilizazioei esker hobetu zen bizi kalitatea Sanduzelain trantsizio garaian, eta horri esker ere, oraingo udal gobernuaren jarrera gaindituz, hobetzen jarraituko da hurrengo urteotan.
Hala espero dugu, behintzat. Izan ere, kotxeena baino, mobilizazio herrikoia izan da auzoa hobetzeko motor nagusia.