Gerra ez elikatzeko beharra

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2022ko mar. 11a, 13:00

Berriro dugu gerra Europan. Berriro gerraren inguruko analisiak. Berriro ere azalpenak eta sasi-azalpenak. Agerian gelditu dira horietako gehienetan oraingo krisia eragin duten bi eragile nagusiak: NATOren hedapena ekialderuntz, Moskuk garai batean eraginpean zuen zonaldean sarturik, eta Errusia berriaren dinamika inperiala, duela urte batzuk Txetxenian ere Putinek erakutsi zuena, sarraskia eraginez.

Arrazoiak arrazoi, gerrek berezko dinamikak dituzte, eta horiek dira oraingoan larrienak eta arriskutsuenak. Modu zuzenean, Ukrainako biztanleri zibilaren sufrimendua, eta horrekin batera, Errusia, Ukraina zein Europa osoko militarizazio prozesua, berezko joera antidemokratikoekin. Horiekin batera, nazioarteko harremanen tentsio hazkorra dugu mundu mailako arrisku nagusia, armamentu eta azpiegitura nuklearrak jokoan egonda, aurreikusi ezinezko ondorio larriak jokoan baitaude.

Horregatik, gerraren arrazoiaren inguruko eztabaidak bertan egonda ere, gerra eta bere dinamika suntsikorrak geldiaraztea lehentasun planetarioa izan beharko litzateke oraingoan, eta horretarako bideratu beharko genituzke ahalegin gehienak. Gerratik alde egiten duten errefuxiatuei zein gerraren logikari uko egiten dioten desertore eta ekintzaileei babesa emanez, eta gerra geldiarazten ahal duten negoziazio prozesuak eskatuz.

Inolaz ere ez, konponketarik ekarriko ez duten armak bidaliz.

Arduraz jokatzeko garaia dugu, arduragabeko dinamika militarista eta belizisten ondorioak geldiarazi ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!