1906 liburuz osaturik dago Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegian dagoen funtsa pertsonalen bilduma handiena.
1906 liburu, horietako gehienak euskaraz. Bizitza interesgarri, konprometitu eta eskuzabal bat aberastu zuten liburuak.
Argi zuen Bixente Serrano Izkok liburuak opari ederra direla, eta asko oparitu ditu bizitzan zehar. Espetxetan zituen lagunei ere liburuak oparitu zien behin baino gehiagotan. Gatibu dagoenarentzat askatasun irla bihurtzen dira liburuak, eta esperientziaz zekien berak hori.
Bere bizitzako azken urteotan 1906 liburu oparitzeko erabakia hartu zuen, nori eta Nafarroako gizarteari, nori eta irakaskuntza erakunde bati, Nafarroako Unibertsitate Publikoari. Uda honetan bukatu dute bertako liburutegiko langileek funtsa zabal eta aberats horren katalogazio lana, eta geroztik eskuragarri daude, funtsa pertsonalen atalean, Leoncio Urabayen edota Gustav Henningsenen funtsen parean.
Asteburu honetan agurra emango diote Bixenteri senitarteko eta lagunek Egillor herrian. Agurra eta eskerrak, bere ezagutzea, berarekin batera hainbat eremu konpartitzea, opari bat izan delako.
Opari bat, bai, baina ez bakarra. Orain beste bat dugu eskuragarri, 1906 liburuz osaturik. Mila esker, Bixente!