Pobreziaren lubakiak eta energiaren gatazkak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2021ko urr. 15a, 13:15

Berriki aurkeztu digu Errealitate Sozialaren Behatokiak bere azken ikerketa, eta bertan ikusgai agertzen dira Nafarroa eta Iruñea zeharkatzen dituzten lubaki sakon eta ilunak, pobrezia eta aberastasuna bereizten dituztenak, alegia.

Bertan agerian gelditzen da Erriberako herri batzuetako egoera kezkagarria, edota Iruñeko hainbat auzoetako errealitatea, zeinetan pobrezia arriskuaren portzentajeak herrialdeko edota hirikoaren batezbestekoaren gainetik dauden. Iruñean bertan, Buztintxuri, Sunduzelai, Arrotxapea, Txantrea, Etxabakoitz, Arrosadia edota Alde Zaharraren kasuak ditugu, eta, beraz, auzo hauetan ditu ondorio larriagoak azken hilabeteotako elektrizitatearen prezioaren igoerak.

Azken honen atzean arrazoi ezberdinak daude, horien artean gure zibilizazioak aurrean duen krisi ekologikoa, baina horretaz aparte, interes pribatu batzuen eragina ere nabaria da. Izan ere, enpresa pribatu handiak izaten ari dira, azken urteotan, beraiek sakondu duten krisi ekologikotik etekina ateratzeko estrategiak sortzen, horien artean oraingo prezioen dinamika, edota landa eremua itotzen ari diren makroproiektu eoliko edota fotoboltaikoak.

Krisi ekologikoa, bai, baina gatazka soziala ere dugu aurrez aurre energiaren alorrean, eta abagune honetan ezinbestekoa izanen da trantsizio ekologikoa aberastasunaren banaketarekin uztargarri egitea. Bestela, panorama kezkagarria daukagu aurrean, soziala zein klimatikoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!