Hezkuntza sistema baztertzailea

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2021ko urr. 1a, 14:07

Segregazioan oinarritzen da Nafarroako, eta estatu espainiarreko, hezkuntza sistema. Segregazio horren zutabea, ongi dakigu, zentro kontzertatuen finantzazioa da. Azken batean, guztion diruarekin ordaintzen ditugu finean biztanlearen sektore batzuentzat esklusibo diren zentro batzuk.

Sexuaren araberako segregazioa ere mantentzen dute ikastetxe gutxi batzuek, Nafarroako Gobernuarekin hitzartutakori inolako errespeturik adierazi gabe, eta gobernua mugarik gabeko pazientzia, edota tolerantzia, erakusten ari da horiekin. Horren azken froga gaurko Hezkuntza kontseilariaren agerraldia izan da, zeinean iragarri duen zentroek 2027 arte mantendu ahal izango dutela sexuaren araberako segregazioa lehen hezkuntzan, aldaketak modu progresiboan egin ahal izateko.

Eskola sistema gizartearen isla dela aipatu da askotan, eta egia da. Hala ere, hezkuntza komunitateko sektore askok gogor lan egiten dute, dedikazio handiz, eskola sistema gizarte eraldatzailerako tresna izateko, hezkuntzaren bidez gizarteko segregazio soziala eta patriarkala gainditzen laguntzeko.

Gure erakundeek, hala baina, segregazio sistema mantentzen dute, nahiz eta jakin segregazio horrek sortzen dituen ghettoek arazo iturria, eta sufrimendu iturria, izaten jarraituko dutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!