Borreroaren begiradaren gainetik, bermeak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2021ko mar. 5a, 15:20

Perote eta Gomez Nieto militarren arteko elkarrizketak beste dimentsio bat ematen dio torturari buruz dugun ezagutzari. Pertsona torturatuen bertsioari beste ikuspegi bat gehitzen dio, borreroena, alegia. Hoztasun osoz poltsaren eragina neurtzen duten horiena, torturaturiko pertsonari heriotzaren muga sentiarazi dutenena. Audio horiek, bestalde, agerian uzten dute torturarena ez dela salbuespen bat izan, sistematikoki erabilitako zigor tresna baizik. 

Begirada horrek galdera berriak jartzen ditu mahai gainean. Zein agintari polizial eta politikok ematen zituzten horretarako aginduak? Non dago praktika horren inguruko dokumentazioa? Funtsezko galderak, gure iragan hurbileko bortizkeriaren logikak hobeki ezagutzeko, baita biktimen eskubideak bermatu ahal izateko ere.

Horiek erantzun bitartean, poztekoak ditugu azken egunotako hainbat berri eta ekimen. Nafarroako Parlamentua eta Iruñeko Udaletxeko deklarazioak, talde guztiek babestuta, Non dago Mikel? pelikularen arrakasta zine aretoetan, edota biharko manifestaziorako deia. Hortxe bertan dugu aukera bidegabeko praktika honen inguruko egia, aitortza eta ez errepikatzeko bermeak eskatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!