Lizentziak erabiltzen ditugu batzuetan iritzi ematerakoan, eta titular honek bi ditu.
Bata tokiari dagokio. Izan ere, aurten ez da Beasainen ospatuko CAFeko akzionisten batzar nagusia. Osasun egoera dela medio, on-line eginen dute. Bigarren lizentzia apartheid kontzeptuarena da, enpresa gipuzkoarrak ez baitu ezer ikusirik Hegoafrikan indarren egon zen erregimen arrazistarekin.
Hala ere, lerro zuzen bat lotzen du Beasain eta palestinarren bazterketa etnikoan oinarrituriko okupazio israeldarra. Lerro zuzena, Ekialdeko Jerusalem eta Zisjordaniako kokagune israeldarrak lotzen dituen tranbia zabaltzeko lanetan aritzeko kontratua sinatua baitu CAFek. Proiektuan parte hartzearen aurka agertu da enpresa komitea. Egonlekuak ilegaltzat hartu ditu behin baino gehiagotan Nazio Batuen Elkarteak, baina enpresak aurrera jarraitzen du planarekin. Giza eskubideen gainetik, etekin ekonomikoa helburu.
Horren aurrean, asteburu honetako akzionisten batzarrari begira jarri da nazioarteko kanpaina bat, Nazioarteko Amnistiak edota BDS mugimenduak bultzatuta, euskal ekonomia eta palestinarren zapalketa ilegala lotzen duen hari lotsagarri hori mozteko asmoz.