Kontsentsuz harago, birbanaketa

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2020ko mai. 15a, 14:34

Ez genuke ahaztu behar konfinamenduaren ezarpena begi txarrez ikusi zutela patronalek eta eskuineko hainbat buruzagik. Ez zen kontsentsurik egon, eta oraingo krisi ekonomikoari begira ere kontsentsua ez da erreza izanen. Ez da egonen, esango nuke, eta hori logikoa da oso, jokoan dagoen interes talka dela medio.

Madrilgo auzo aberatsen protesta estranbotikoak baino, kezkagarriagoa zait ustezko dogma ekonomiko baten errepikapena: zergak modu progresiboan igotzeak inbertsioa zailtzen du, jarduera ekonomikoa eragozten du, kapitalak uxatzen ditu. Kezkagarria azken argudio hori Nafarroako Ogasun Kontseilariari entzutea. Dogma horrek, errealitateak behin eta berriro gezurtatukoa, izen ekonomikoa du, Lafferen kurba, eta horretan oinarritu zen Reaganen politika neoliberala.

Horren aurrean, nire ustez, birbanaketa ahalbideratzen duten politikak bultzatzeko ordua dugu: zerga progresiboak edota oinarrizko errenta unibertsala. Alde batetik, justizia soziala eta giza eskubideak bermatzeko, elikadura eta osasuna ere giza eskubideak direlako. Bestetik, pobrezia sakontzen duen merkatuaren logikari jarraituz ez dagoelako oraingo krisi ekonomiko latza gainditzerik.

Horretarako, baina, ez da kontsentsurik egonen. Mobilizazioa beharko da, konfinamenduan bezala, bizitza kapitalaren logikaren gainetik jartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!