Traktorez bete ziren atzokoan Iruñeko kaleak, gure inguruko paisaiarekiko lotura gogora ekarriz, landa munduko gure menpekotasuna azalaraziz.
Klasikoak klasiko, mugimendu sindikala banaturik agertu zen atzokoan ere, baina finean adostasuna adierazi dute UAGN zein EHNEk hainbat punturen inguruan: ekoizleentzako prezio duinak bermatu behar dira, horrela landa munduko langileria eta biztanleria babesteko. Horretarako politika publikoak behar dira, finean, merkatua menperatzen duten komertzializazio kateak eta agrobusiness enpresen boterea mugatzeko, edota bertan behera uzteko.
Nire uste apalean, halaxe da. Beharrezkoak dira politika publikoak nekazaritza txikia babesteko, ingurunea zaintzeko, mendialdeko bailaretako despopulazioari aurre egiteko. Horretarako, baina, ez dira prezioak afera bakarra. Diru publikoa inbertitu behar bada nekazaritza babesteko, merkatuari arau politikoak ezarri behar bazaizkio, orduan irizpide politikoak ere ezarri beharko dira, zein nekazaritza mota babesten dugun jakiteko, argi dagoelako edozein nekazaritza eta abeltzaintza ez direla komenigarriak gaurko arazoei aurre egiteko.