Klasiko bihurtu zaigun egoera izanen dugu Nafarroan hurrengo astean. Greba orokorrerako deialdi mugatua, indar sindikalen gehiengoaren babesik gabekoa. Batzuetan deialdi zatikatua izan dugu, egun ezberdinetan. Beste batzuetan, deialdi partziala... Edozein kasutan, klasikoak klasiko, greba orokor hankamotza izanen dugu Nafarroan urtarrilak 30ean. Azken bi urteotako Martxoak 8ko greba deialdi irudimentsu, integratzaile, malgu eta arrakastatsuaren ekarpenak bazterrean utzirik, berriro ere molde zaharrak, zalantzarik gabe deialdiaren arrakasta mugatuko dutenak. Aitortzen dut, nolabaiteko kezka eta tristura sortzen dit egoerak.
Eta hala ere, oso argi dago mobilizazioa ezinbestekoa dugula kapitalismo neoliberalaren erasoei aurre egiteko, pentsio eta lan baldintza duinak lortzeko edota zerbitzu publikoen hobekuntza aldarrikatzeko. Halaxe ikusi berri dugu munduko hainbat tokitan, Frantzia, Ekuador edota Txilen. Kapitalaren logika suntsitzailearen aurrean, mobilizazioa behar dugu bizitza defendatzeko, gizakiona zein munduarena.
Horregatik, beraz, kezka eta kritika lagun, ezin uko egin hurrengo asteko grebaren deialdiari. Bizitza zaindu behar dugu, grebaren bidez ere.