Modu askotan mintzatzen dira eskuak. Keinuz, kolpez, laztanez... Irratian ere mintzo dira. Soinu mahaian, eskuen mintzoei esker aditzen ditugu esatarien ahotsak, musikarekin tartekaturik. Esku horiek egiten dituzte labur edo luze isiluneak.
Horrela mintzo ziren Nuriaren eskuak Eguzki Irratian 90ko hamarkadan, Tierra de Nadie saio antimilitaristan, edota Iruñeko espetxeko presoentzako agurrak ahalbideratuz. Urteak pasata, pintzelez, margoz edota grabatuez hasi ziren mintzatzen bere eskuak. Aste honetan, baina, indarrez, alaitasunez eta eskuzabaltasunez beteriko esku horiek isildu egin dira.
Haien oihartzuna entzungai dugu airean. Lan militante isilaren oihartzuna, kolore eta marrekiko esperimentazio zein jolasaren oihartzuna, lagun onak egindako keinuen oihartzuna.