Bere sorterritik urrunegi, Mohammed

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2019ko urr. 18a, 13:02

Latza da oso heriotza, beti. Normalean latzago bapatean, gaztetan, heltzen denean. Arazo gehiagorekin, seguraski, sorterritik urrun heltzen denean. Halaxe gertatzen zaio Mohammed Zhari Bootaleben familiari. Gorpua Marokora eramateko gastuak enbaxadak bere gain hartuko baditu ere, bere arreba, emazte eta bi semeek ez dute Mohammeden agurrean presente egoteko bidaia egiteko dirurik. Horregatik hamaiketako solidarioa antolatu dute larunbaterako Antsoainen, guztion artean familia lagundu ahal izateko.

Asteartean hil zen Mohammed, Antsoainen, lanean ari zela 7 metrotako erorketa izan ondoren. Berriro ere injustizia laborala, prekaritatea. Berriro ere, hilabete honetan bigarrenez Iruñerrian, langile etorkin baten heriotza, bere lanpostuan. Berriro ere egiturazko bortizkeria. Aurten ere, 2013tik aurrera, urtez urte baitoa gora estatuan lanean hildako langileen kopurua.

Berriro ere, tamalez, gai hau hartu behar irratiarekiko kolaborazio honetan.

Berriro, beti bezala, elkartasunak samina arinduko du neurri batean. Larunbatean, eguerdiko 12etan, Antsoaingo Lapurbide plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!