Etorkin baten deportazioa Ribaforadan, beste bat. Disidentzia politikoaren kriminalizazioa. Diru xahuketa gastu militarretan. Espetxeetan, giza eskubideak etengabe zanpatuak. Mediterraneoa, gaurko hilobi erraldoia.
Horiexek guztiak, gaur eguneko arazoak. Horiexek guztiak, etorkizun hurbilerako erronkak. Horiexek guztiak, gizartearen militarizazioaren isla eta ondorio zuzena.
Militarizazioaren aurkako tresna izan zen intsumisioa, duela 30 urte martxan jarritako kanpaina, zeinean milaka herritarrek hartu zuten parte, horietako asko espetxeratuak izanik.
Horri buruzko dokumentala prestatzen ari dira Labrit Multimedia eta Izar Films ekoizle etxeak, eta aurrera ateratzeko guztion laguntza beharrezkoa izanik, crowdfunding bat antolatu dute verkami plataforman.
"Bi urte, lau hilabete" du izenburua, eta egungo desmilitarizaziorako tresna izanen da filma. Iragan hurbila azalaraziz, etorkizunari begira eginikoa. Sostengatu beharrekoa, zalantzarik gabe.