Gotortze bidean daude mugak gaur egun. Milaka gizon eta emakume itotzen dira Mediterraneoan, heriotza eragiten duten migrazio politikek ezarritako muga gainditu nahian. Ameriketan ere horretan dabil Trump lehendakaria, Mexikorekiko harresian dirutza xahutzeko asmoz.
Harresirik ez, itsasorik ez, baina bestelako muga gotortua izan dugu Nafarroan duela gutxi arte. Mendi muga, Pirinioetakoa, alegia. Gerra zibilaren ostean hori gotortzeari ekin zion erregimen frankistak, horretarako milaka gatibu eta soldadu erabiliz. Horren fruitua dira mendietan erdi ezkutaturik dauden ehundaka bunkerrak, horietako batzuk oso ikusgarriak.
Muga gotortua, bai, baina hala ere mugaz gaindi pasatu ziren geroztik errefuxiatu antifrankistak, baita naziengandik ihesean zeuden milaka pertsona, horietako asko judutarrak. Beranduago etorkin portugaldarrak ere. Aste honetan zendu den Vicente Lacasiak ere gainditu zuen muga, askatasun bila.
Errealitate isildu horren lekukoak dira mendietan dauden bunker horiek, eta horiek ezagutarazteko ibilaldi batzuk antolatu eta seinalatu ditu Auritzeko udalak. Bihar eginen dute aurkezpena, dokumental bat eta guzti, eta bihartik aurrera mendi ederraz gozatzeko ez ezik, gaurko muga gotortuen inguruan hausnartzeko tresna paregabea izanen dugu Auritz aldean.