Mozala legea da PPren garaiko neurririk eztabaidagarriena, eskubide politikoen eta adierazpen askatasunaren murrizketa nabaria ekarri zuelako. Besteak besteak, polizien argazkiak argitaratzeko debekua ezartzen die kazetariei, indarkeri polizialari inpunitaterako aukerak zabalduz.
PSOEren gobernu berrien asmoen artean bazegoen lege hori erreformatzea, eta proposatu diren aldaketen artean kazetari grafikoei ezarritako muga hori ezabatzea dago. Horretan ari da komisio parlamentario bat Madrilen, eta horren alde ere omen dago EAJ.
Bitartean, baina, bi ertzainek Argiako kazetari baten kontrako salaketa ezarri dute, Mozal Legea tartean, pertsona bati bi ertzainek erdaraz hitz egiteko agindua ematen zioten momentua grabatu eta argitaratzeagatik. Ertzaintzak hizkuntz eskubideak nola urratzen zituen grabatzeagatik, alegia.
Mozal legea euskal erara, hauxe dugu kontua. Izan ere, diskurtsoaz haratago, ezinbestekoa da arduradun politiko guztiek haien menpeko polizien jarduna kontrolatzea, legea aplikatzearen aitzakiaz, oinarrizko eskubideak zapaldurik geldi ez daitezen.