Iruñeko etorbide nagusienetako baten izena aldatuko du Iruñeko udalak. Albiste pozgarria, hasiera batean, zeren aldaketa horren bidez armadak hiriko kale izendegian zuen pisu hegemonikoa galduko du. Desmilitarizaziorako urratsa, zalantzarik gabe. Hala ere, pozteko arrazoiak baino, kezkak areagotzen zaizkit aldaketarekin. Aldaketa horretara heltzeko bideekin, zehazki.
Alde batetik, erregina bati emango dio alkateak hiriko etorbide nagusienetako baten izena. "Gure" erregina omen zelako, alegia. XXI. mende hasieran horrelako erreferente autoritarioek balio demokratikoa dutelakoan, akaso.
Beste alde batetik, plenoaren sostengurik gabe erabaki du udal gobernu taldeak halako aldaketa. Horixe bera egin zuen UPNk iraganean Rodezno plazarekin, eta gure kritika zorrotza merezi izan zuen. Gaur egun horrelakoak errepikatzeak, nire ustez, udaletxeko demokrazia ez ezik, aldaketaren aldeko indarren arteko akordioak alboratzen ditu, gutxiesten ditu.
Ez ditut erreginak gustuko, baina iraganeko erreginak baino kezkagarriagoak zaizkit Katalina honengana heltzeko bideak: XXI. menderako sinbologia eta jarrera autoritarioak mantentzea, alegia.
Guztion kalterako, zoritxarrez.