Ez dira gutxi gure inguruan eskubide murrizketak, eta aste honetan bertan hurbil izan ditugu adibide nabariak.
Alde batetik, epaitegian deklaratu behar izan dute dokumental baten bi egileek, Erorien Monumentuaren kriptan egindako grabazioak direla medio. Kasu honetan, kolpisten eta borreroen oinordekoak babesten ditu fiskaltzak, eta hori salatzeko elkarretaratze bat egin zen atzo epaitegiaren aurrean. Beste aldetik, gerrarako prestaketarekin jarraitzen dute militarrek Bardeako tiro poligonoan, eta horren aurrean ere kalean mobilizatzeko deia dago asteburu honetarako: igandean, alegia, Tuteran, nazioarteko sostenguak jaso dituen manifestazioarekin.
Etengabeko hausnarketa behar dugu giza eskubideen defentsan eta militarizazioaren salaketan aritzeko, eta berriro ere, ongi asmatu dute Altsasuko gurasoek, gaur eta biharko antolatu dituzten jardunaldiekin, hitzaldiak, eztabaidak eta mobilizazioa uztartuz.
Bi urte dira espetxean daudela Altsasuko gazteak. Etengabeak dira eskubide galera eta militarizazioaren adibideak, eta hori guztia salatzeko, mobilizazioa eta hausnarketa ezinbesteko tresna osagarriak ditugu.