Nostalgia dario Iruñeko autobus geltoki zaharrari. Montxo Armendarizen "Secretos del corazón" filmeko eszenaz gain, norberak bertan kokaturiko bere irudi eta pasarte propioak dauzka, itxita ere, askotan ondotik pasatzean burura etorri zaizkigunak.
Iraganeko keinuak ez ditu galdu Geltokik, baina etorkizunerako proiektu bihurtu dute Iruñeko udalak eta hainbat eragilek. Bihartik aurrera, elkartasunezko ekonomia alternatiboa, elikadura burujabetza eta kultura askea izanen dira zentro berritu honen ardatzak. Gure hiriak, eta munduko ekonomiak behar dituen ardatzak, alegia. Bihar inauguratuko dute, eta bihartik aurrera ardatz horietan sakontzeko, ardatz horietaz gozatzeko eta ardatz horiek dastatzeko aukera izanen dugu. Hori guztia, autobus geltoki zaharraren egitura mantenduz zaharberritze sakon bat jaso duen eraikuntza batean.
Oroimina galdu gabe, beraz, etorkizunerako autobusa dugu zain Geltokin.