Historiarako egun seinalatuak utzi dizkigu Apirilak. Data batzuk, oraindik ere, itxaropen iturri ditugu, Apirilak 14 edota 25a, kasu. Biharkoa ere, Apirilak 8, ETAren armagabetzearen eguna, historiko bihurtuko zaigu, eta gatazka eta erabakiari buruzko eztabaiden gainetik, aldebakartasunaren eta gizarte zibilaren indarra agerian geldituko dira. Horretan ere, beraz, itxaropen iturri Apirila.
Hala baina, hilabete honek porrota eta suntsipen oroimenak ere dakartzagu. Apirilak batean gatibu eta desarmaturik gelditu zen Errepublikaren armada, eta duela 80 urte, Apirilak 26an, Gernika suntsitu zuten faxisten gerra hegazkinek. Oroimen mingarriak, oraindik ere.
Bonbardaketa honen memoria, dena den, gizarte eraldaketarako tresna bihurtzen ari dira hainbat eragile. Apirilaren azken asteburuan ekitaldi eta tailerrez beteriko egitarau erakargarria antolatu du Gernikan Ongietorri Errefuxiatuak plataformak. Gugandik urrunago, bestalde, eta Gernikako bonbardaketa gogoan, ekimen polita antolatu dute Amnesty Internationalek eta Ingalaterrako futbol talde batzuk, "Football wellcomes" izenekoa, duela 80 urte Euskal Herritik heldutako hainbat gerra umek bertako futbolari eginiko ekarpena gogoratuz eta gaurko errefuxiatuei harrera emateko beharra azpimarratuz.
Han ta hemen, beraz, apirileko oroimenak, aldarrikapenerako tresna.