Dar dar egin du lurrak gaur goizean Iruñean, Itoitz eta Esako urtegietatik urrun xamar, zorionez. Kontu arrunta, sismologoen esanetan, Pirinio alde honetan. Seguru nago, baina, beldurraren dardara oraindik antzematen dela Zangotza aldean.
Kontu arrunta, omen. Azkenean, gaurko sismologoek berehalaxe antzematzen baitute mugimendu niminoena ere. Horren adibidea argia Bartzelonan dugu: Camp Nouko ikusleen salto eta ospakizuna neurtu egin zuen Jaume Almera sismografoak.
Siria aldean, bestalde, etengabeko dardarean dabil lurra, eta ezaguna dugu ondorengo tsunamia ere. Errefuxiatu olatuak mediterraneoan, harkaitzetan hautsiak, hainbestetan.
Lurrikara sentitu dugun Iruñea honetan ere Siriako bonbardaketak pairatzen duten bihotzen dardarekin bat egiteko aukera izanen dugu. Izan ere, asteburu honetan mundu osoko hainbat hiritan Siriako herriek pairatzen duten gerra eta militarismoa salatzeko kontzentrazioak eginen dira. Gaur iluntzean, Iruñean, epizentroa Merindadeen plazan izanen da, 19:30etan. Ea dardar horrek harresiak, mugak eta arsenalak apurtzen dituen!