Santutegi hirien harira...

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2017ko urt. 27a, 13:36

Azkar hasi da Donald Trump migratzaileen kontrako politika gogortzen. Martxan jarritako neurri bidegabeetako batek, baina, EE.BB.etako errealitate nahiko ezezagun bat bat azaleratu du, santutegi-hirietakoa, alegia. Izan ere, azken urteotan EE.BB.etako 300 hiri baino gehiagok migrazio politikaren hainbat arau betetzeari uko egin diote, paperik gabeko migratzaileentzat politika abegikorrago bat martxan jarriz. Ikusiko dugu Trumpen mehatxu berriari nola aurre egiten dioten, baina, edozein modutan, orain arte egindakoak argi erakusten du erakunde lokalek migratzaileen aurkako gerran parte ez hartzeko aukerak dituztela.

Madrildik ere berri pozgarri bat heldu berri zaigu, gerrari laguntza ez emateko pausu esanguratsua eman baitu bertako Udalak, mugimendu antimilitaristak martxan jarritako Madril desarma ezazu izeneko kanpainarekin bat eginez. Martxoan bertan ospatuko da HOMSEC izeneko azoka, zeinean armagintza eta seguritatearen enpresek negozio itzelak hitzartuko dituzten, eta horri laguntzarik ez ematea erabaki du udalak.

Ekimen horiek gerra eta migrazio politiketan udalen erantzukizunak agerian uzten dituzte. Ea geurean ere horrelako ekimenak areagotzen diren. Izan ere, "harrera-hiria" izendatzeaz gain, pausu eraginkorragoak eman baitezakete hainbat udalek. Bestalde, hurrengo urtean Bardeetako Tiro poligonoaren erabileraren ituna berrikusi beharko da. Ez dira gutxi, beraz, udal desobedientziarako erronkak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!