Basamortutzerako abiadura handia

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2015ko abe. 11a, 13:14

Alerta gorrian gaude Nafarroan, basamortutze prozesu larrian, Nafarroako Merkataritza Ganbarako lehendakaria Javier Tabernak ohartarazi digunez, gobernu berriak aurkezturiko erreforma fiskalaren harira. Saila da, nire ustez, metafora horren maila gainditzea. Irudi poetiko paregabea!

Izan ere, arrazoia du Taberna jaunak. Alde batetik, gure planeta osoa, eta ez Nafarroa soilik, basamortutze prozesuan dagoelako. Bestetik, azkeneko hamarkadetan Nafarroako sare industriala gero eta ahulago delako. Larriena, eta Tabernaren deklarazioak erabat deskalifikatzen dituena, zera da: basamortutze prozesu horiek orain arte martxan jarritako politika eta inbertsio publikoek bultzatu dutela.

Izan ere, azken urteotako politika ekonomikoa azpiegitura handien eraikuntzan oinarritu da neurri handi batean, horien adibide garbia izanik Abiadura Handiko Trena eta autobideetan gastaturikoa.Inbertsio horiek, eraikuntza eta erregai fosilekin loturiko enpresen mesedetan bideratutakoak, klima aldaketaren eta desindustrializazioaren eragileak izan dira, Estatu osoan eta Nafarroan. Mugimendu ekologistak aspaldi salatu zuen diru xahutze hori, eta aste honetan bertan gastu horren zentzugabekeria azpimarratu du Europar Batzordeko txosten batek.

Horixe izan da, beraz, basamortutzerako abiadura handiko martxa, Nafarroako elite ekonomikoek, Taberna jaunak ere, txaloturikoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!