Oraingoan geurean berria bada ere, ejertzitoa hezkuntza zentroetara hurbiltzeko saioa ohikoa bihurtu da hau azken urteotan, nahiz eta hezkuntza zentro gehienetan arrakasta gehiegirik ez izan. Ohikoa, eta logikoa, zalantzarik gabe, gerraren prestakuntzak beharrezkoak baititu soldaduak zein ofizialak, eta horretaz gain, gizartearen nolabaiteko onespena, gastu militar itzelak mantendu eta beste herrialdeetan interbentzio militarrak justifikatu ahal izateko.
Normaltasunez hartu du berria gure hezkuntza kontseilariak, Nafarroako hainbat zentroetara heldutako gonbidapenaren harira, eta ez zaio arrazoirik falta. Normala, izan ere, badelako. Kontua, baina, bestelakoa da, normala izanik ere oso kezkagarria delako.
Kurrikula ofizialetan legalki jasorik dagoen bakerako hezkuntzaren baloreak babestu nahi baditu, berriz, normaltasun hori ekiditeko bitartekoak jarri beharko lituzke Nafarroako Gobernuak, ehunaka gurasok eskatu bezala. Azken batean, normaltasun arriskutsuak aldatzeko tresna da politika.