Gaztazaleok

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2015ko mai. 25a, 11:47

Eglea aldaketaren aitzinean Miguel Sanzen gaztatxoaren teoriarekin akordatu da.

Ezer gutxi dut amankomunean Miguel Sanz lehendakari ohiarekin, baina badirudi afizio bat konpartitzen dugula, gaztarena, alegia. Berak hiru gaztatxoen teoria asmatu zuen duela urte batzuk, UPN eta PSNren aliantzaren justifikatzeko asmoz. Zorionez, errealitateak bizkar eman dio bere teoriari, eta bestelako Iruñea eta Nafarroa eraikitzeko aukera izanen dugu aurki.

Ospakizun giro honetan, nik ere gazta taula baten moduan irudikatu nahiko nuke hurrengo urteotarako aldaketaren osagaiak, zeinean zapore ezberdinen artean eskubide sozialen bermea (hezkuntza, etxebizitza, osasuna, kultura...) nagusia izanen den. Ezinbestekoak ere izan beharko lirateke bestelako politika ekonomiko eta fiskala, gure lurralde eta memoria publikoaren desmilitarizazioa... Egia esan, hamaika gazta gehiago bururatzen zaizkit, zein baino goxoago...

Hala ere, garrantzitsuena, eta beharbada zailena, zapore horien arteko kontrasteak uztargarri eta osagarri bihurtzea izanen da, jakin baitakigu sektarismo eta alderdikeriaren saltsa ustelek zapore onenak hondatzen dituztela.

Pozaren pozez gaudenez, espero dezagun gehiengoaren mesederako gazta anitz horietaz gozatzeko aukera izanen dugula, garai berriaren bertuteen ospakizunekin jarraitu ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!