Ondasun komunalen aurkako itzalpeko erasoak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2015ko ots. 6a, 15:52

Nafarroako Kontuen Ganbarako ordezkariak atzo parlamentuan eginiko agerpenak agerian utzi ditu azken urteotako finantza ingeniaritzaren kalteak. Europan autobia kilometro gehien eraiki duen estatuan formula berriak aurkitu ditu Nafarroako Gobernuak are kilometro gehiago irekitzeko, nahiz eta horretarako etorkizuneko kosteak itzelak izan. Egungo kontuak mozorrotu eta biharko ekonomia ito. Itzalpeko erasoak hurrengo urteotako gastu sozialen aurka, zalantzarik gabe.

Aste honetan Iruñean egon da Andres Arauz Ekuadorreko gobernuko ekonomialaria, Katakrak-en ospaturiko Komunalak ala hil jardunaldietan, eta argi aipatu du funtsezkoa dela itxurazko kontabilitate horiek ongi aztertzea, zorraren zamari aurre egin ahal izateko, desobedientzia finantzieroari ateak zabaltzeko.

Osasun publikoa ere itzalpeko erasoen jomuga izaten da, eta horren adibide argia dira C hepatitisa duten gaixoek jasaten duten mina eta heriotza. Atzo bertan kontzentrazioa egin zuten Madrilen Sovaldi enpresaren aurrean, eta Nafarroan ere ekimen eredugarria egin dute berriki. Bideko Ama Birjina Ospitalea okupatu zuten, Catalunyako Bellvitge ospitalean azken urteotan egin duten bezala, modu irudimentsu, autogestionatu eta desobedientean, guztion ondarea den osasun publikoa defendatzeko. Horren berri, hain zuzen ere, emango digu hurrengo asteazkenean, jardunaldi berberetan, Marta Carreras kataluniarrak.

Azken batean, tresna globala da desobedientzia, Grezian, Nafarroan edota Brasilen, komunalen aurkako itzalpeko eraso horiek geldiarazteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!