Navarra Suma garaile atera da

Erabiltzailearen aurpegia Martxelo Diaz 2022ko api. 29a, 11:07

Nire ustez lehenengo elementua nabarmentzekoa da PSNk lege bat aurrera atera ahal izateko Navarra Sumarekin negoziatu duela. Hau zoritxarrez ez da gertatzen den lehenengo aldia, Hitzarmenaren legearen aurrekaria ere hor dugu eta gehiengo berdinarekin onartu zen arau hori. Ni uste dut arrakala bat sortu duela honek PSN eta orain arte gehiengo aurrerakoia osatzen zuten alderdien artean - Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Izquierda Ezkerra -. Aste honetan zehar ikusi izan ditugun eztabaidak nahiko sutsuak eta nahiko bortitzak izan dira. Nik uste dut konfidantza apurtu egin dela, hein handi batean eta ikusi beharko da konfiantza hori konpontzeko zer egiten duten.

Nabarmentzekoa da, halaber, ez dagoela segurtasun juridikorik, alderdi aurrerakoiek eta sindikatuek nabarmendu duten elementu bat da. Bitxia da Nafarroako Kontseiluaren txostenari itxaron nahi ez izatea PSNren partetik, arrapaladan onartu dute legea, hilabete baten bueltan, kontuan izanda ere hilabete horretan Aste Santuko oporrak izan ditugula. Horrek erakusten du PSNk urgentzia bat zuela lege hau ateratzeko.

Honekin batera nabarmentzekoa da Navarra Suma garaile ateratzen dela afera honetan guztian. Izan ere, PAI eredua izanen da hemendik aurrera. Navarra Sumak zuen asmo bat da hori, aspalditik eskuinak Nafarroan izan duen asmoa izan da. Hori lortzeko bidean daude, eta argi eta garbi onartzen dute eredua nahi dutela D ereduari aurre egin ahal izateko. Aste honetan Pedro Gonzalez bozeramaileak behin eta berriro nabarmendu du elementu hori.

Bestalde, PAI programan diren irakasleek azpimarratu dute kalitate urriko programa bat dela. Izan ere, ez du maila nahikorik eskaintzen eta ingelesaren ezagutza ez da bermatzen. Horren aldeko apustua egin dute Navarra Sumak eta PSOEk. Estatuko beste komunitatean horrelako programen aurka egiten baldin badu ere, Nafarroan PAIren alde egin du PSOEk.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!