Atzo, Barcina andereak Parlamenturako UPNren zerrendan bere burua aurkezteko asmoa argitara eman zuenean, UPNko kandidatoa presidente izatera ailega zedin bere desioa esplizitoki azpimarratu zuen. Ojalá llegue a ser el Presidente esan zuen. Eta hori entzuteaz poztu nintzen. Guztiz poztu, bai. Ojalá hori UPNren barruan dagoen kezkaren adierazle garbia delako. Garbi garbia. Tarte handia dago ojalá llegue horren eta va a ser hitzen artean. Urduritasuna, segurtasunik eza, boterea galtzearen beldurra adierazten duen tarte sakona. Tarte hori areago adierazteko, bere burua aurkezten duela dio Barcinak, bai UPN bai Nafarroa bizitzen ari diren une traszendenteetaz jabetuz. Argi dago, beldurtuta eta kezkatuta daude. Ez Nafarroaz baizik eta azken 40 urteotan beren interesentzat ehundu duten sare interesduna listen ari zaielako, piskanak piskanaka. Eta hau ere pozgarria zait.Nik ez daukat zalantzarik. Nafarroako ondorengo presidenteak emakume izena izango du. Ez daukat, ez, inolako dudarik, emakumezkoa izango da Maiatzaren hauteskundeetan nafarrok aukeratuko dugun presidentea. Eta gaur Katakraken Erabakitzeko Eskubideaz mintzatzeko eta eskubiden horren inguruan ausnarketak egiteko antolatu den mahai-inguruan izango da. Katakrakeko bileran argi geratuko da, argi geratu beharko luke, emakume hoien artean egiazko aldaketa politiko eta soziala, aldaketa sakona, integratzailea eta iraunkorra, intimotasunean ere, bakoitzaren barne barnean ere eman behar dena, nork bultzatuko duen hobe, nork lortuko duen. Baina emakumezko bat izango da, horretan dudarik ez!