Ez dira hitz hutsak

Erabiltzailearen aurpegia Lur Albizu

Ordu eskas batzuk besterik ez dira falta asteazkena iristeko; duela apenas aste batzuk deitu zen etxebizitzaren aldeko greba orokorra, eta azaroaren 11n izanen dugu aukera lantokiak hustu, kaleak bete eta aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko. 

Etxebizitza eta eskubide hitzak akituko zaizkigu, errepikatu eta errepikatu ari baikara. Baina etxebizitza ez da bakarrik hori, eskubidea ez da bakarrik hori, ez dira hitz hutsak. Izan ere, oinarrizko beharra eta bizitzeko minimoa ere bada: egunero jaiki eta seguru sentitzea; lanera joan eta soldataren malabareetan pentsatu behar ez izatea; berogailua piztu edo ez erabaki behar ez izatea; alokairu-kontratua bukatu eta etxetik topatuko ote duzun ez pentsatzea; etorkizuna orainean katetua ez gelditzea, ez atzera ez aurrera. Hori guztia ere bada etxebizitza eskubidea: duinki bizi ahal izateko, bizitzak garatu ahal izateko hasiera, besterik ez. Hori eta askoz gehiago izan beharko litzateke, baina minimoetan minimoena hori izatea edonoren eskubidea da. 

Egiturazko aldaketak eskatzen ditu egoera iraultzeak, eremu askotan. Espekulazioarekin amaitzea eta soldaten igoera oinarrizkoak eta beharrezkoak izanen dira. Eta, horretarako, indar-harreman berriak eraiki behar dira. Badago lana. Greba ere izan dadila horretarako akuilu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!