Duela hamarkadak hasi zen dena. Hogei urte baino gehiago, diote. Baztango lurretan, Lekarozen, proiektu -pelotazo- urbanistiko bat eraikitzeko asmoa ailegatu zenetik, joan dira hamarkadak, borrokak, oztopoak, epaiketak, mobilizazioak.
Duela bost urte, makinak sartu ziren lurretan, haien lanekin hasteko asmoz. Zerbait egin zuten, baina inguruko herritarrek makinak eta eraikuntza-eraiste lanak geldiarazi eta kanpaldia egin zuten; enpresek alde egin behar izan zuten.
Epaiketa etorri zen gero: prozesu luzea, eta jopuntuan bertako herritarrak zituena, talde kriminal izatea egotzita, milioika eurotako isunen mehatxupean, kartzela-zigorren mehatxupean. Azken epaia iritsi da eta iritsi da isunak ordaintzeko momentua. Milioiez hitz egiten ari baginen, kartzela-urteez ari baginen, lasaitasuna ematen du kasik 70000€ko isunak ordaindu behar direla jakiteak. Honaino iritsi gara: albiste ona iruditzen zaigu ia. Baina ez da albiste ona, eta konparazioak konparazio, Aroztegiaren kontra mobilizatu ziren eta ondorioak jasan dituzten horiek merezi dute gure babesa, eskerra eta dohaitza. Errazagoa da horrela borrokatzea, babestuko eta ahal duen neurrian lagunduko zaituenik dagoela jakinda.