Munduaren amaiera kapitalismo harrapariaren amaiera baino lehenago imajina dezakegun garai hauetan, bada bestelako eredu baten alde egunero lanean ari den pertsona, mugimendu, elkarte, eragile, asanblada eta elkargunerik.
Egunero egunero ari dira inurri pila bat lanean, beste eremu pila batean, beste mundu baten aldeko esperantza gal ez dezagun, edo, hori baino, esperantza biderka dadin, birsortu dadin. Azken aste hauetan, hamarnaka dira elikadura burujabetzaren alde, gure lurraren alde elkartu diren askotariko eragileak; Palestinaren alde ekarpena egiten ari direnak; lana, denbora, zaintza birbanatzea eskatzen dutenak; hitzarmen duinen alde, pentsioen alde etenik gabe ari direnak. Adibide gutxi batzuk dira, pertsonak eta planeta, bizigarritasuna, erdigunean jarri nahian dabiltzanak.
Maiatzaren 11n, heldu den larunbatean, alternatiba ekosozial justu baten aldeko mobilizazioa dugu Iruñean, 12etan, Gaztelu plazatik.
Beste eredu baten aldeko lanak segi dezala itxaropena eta borrokarako grina egunero ekoizten.