Lurrikarak aurretik hauskor zeuden egoerak are gehiago astindu zituen. Beste garai batekoa ematen dute, kasik, Cristina Ibarrolaren eguneroko argazkiek. Baina aste eskas batzuk besterik ez dira pasatu. Zail zuen jokalekua UPN eta, orain, hiriburuko alkatetza galdu eta gero, bere burua birkokatzen saiatuko dela ematen du. Ez da makala egin behar duten ariketa, ikuspegi estrategiko desberdinak daudela ematen duenean, gainera. UPNk reset eginen duen edo bere baitan are gehiago bilduko den ez dakigu; Esparzak eman du atzera urratsa. Luze egiten ari dira Nafarroako Gobernutik kanpoko bederatzi urteak. Alderdiaren presidenteak hala esan du: «Ezerk ez nau zoriontsuago egingo UPN berriz Nafarroako Gobernuak ikusteak baino». Ea zorionaren bilaketa horrek nora daramatzan, bide berri batera edo euskal proiektuekiko eta dagoeneko existitzen den Nafarroa berriarekiko etsaitasunean oinarrituko duten, aurrerantzean ere, haien lan-ildoa eta identitatea. Oraindik ez dakigu noraino.