Ikasturte luzea izan da, gogorra. Ematen du urteak pasa direla baina duela ez hainbeste itxita geunden, duela ez hainbeste mundu berri bati aurpegia jarri nahian, duela ez hainbeste urrunago geunden. Lehertu da berriz ere guztia eta dagoeneko ez dugu bereizten lehen, orain eta bihar. Garai desegonkorrak dira eta ematen du horrela jarraituko dutela. Ikasturteak askorako eman du: behera eta behera eta gora eta gora egin duten kutsatzeko, udaberriaren lehertzea, lehortea, lurrikarak, proiektu berriak, grebak, berriz festak, manifestazio, egun eta aldarripen errenkadak, gerrak, prezioen gorakada izugarriak, imajinatzen ez genituen eszenatokiak, konpainiak eta kontzertuak, galerak eta uholdeak. Bagoaz, uda izan dadila itzultzeko leku hori, indarrez irailera eramanen gaituena.