Handitik ez dago soluzio handirik. Ikusi besterik ez dago aldaketa klimatikoaren azken gailur erraldoi horretatik atera ziren ondorioak. Horrelakoek ezina sortu ohi dute guregan. Horren urrun eta gure eraginetik kanpo ikusi ohi ditugu egunerokoan eragiten digun hainbat arazoren irtenbidea. Baina testuinguru katramilatsu horretan badago albiste onik. Badago gure txikitasunean nola eragin.
Azken urteotan ikusi dugu nola gure egunerokoa baldintzatzen diguten arlotan sortu diren txikitik, hurbiletik, antolatzeko moduak. Tokian-toki, urratsez urrats eginiko iraultza txikiak. Elikagaien, komunikazioen eta energiaren alorrean baditugu esfortzu handiz sendotzen ari diren adibideak. Orain funstezko beste arlo batean datorkigu txikitik eragiteko beste aukera bat, iraultza txiki gurpilduna.
KarKarCar kooperatibak garraio jasangarria sustatzeko ekimena garatzeko asmoa du aurten. Sorbidean izanik ere, jadanik munduko beste toki batzuetan funtzionatzen ari den eredua abian jartzen saiatuko dira, autoari erreberentzia egiten dion Iruñea zahar honetan.
Ez esan gero dena galduta dagoenik. Ez esan ezin denik ezer egin. Militantzia eraikigarri eta positiboa egiteko aukera berriak hortxe daude, mutur parean. Bakoitzak aukera dezala bere iraultza txikia. Baina aukera egin dezala behintzat.