Generalitateak erreferendumaren eguna eta galdera jakinaraziko ditu eguerdian. Baina gaur iragarpena bakarrik egingo du, dekretua abuztu amaieran edo irailaren hasieran etorriko da, errepresio judiziala atzeratzeko. Espainia eusten ari zaio eskala handiko errepresioari, baina legitimitate talka gero eta gertuago dago. Generalitateak dio egingo duela eta Madrilek ezetz, ez dela 2014ko azaroaren 9ko egoera errepikatuko. Eta sinetsi behar zaio, bestela Katalunia badoa. Estatuaren funtsa indarra da, eta indar horrek sinesgarria izan behar du. Lerro bat markatu du: mehatxu egin die funtzionarioei, eta herritar asko beldurtu egingo dira. Baina hori ez da nahikoa izango, funtzionario asko egongo dira prest erreferenduma antolatzeko. Orduan tankeak? Ez, bada bitarteko tresna asko oraindik. Zerbait sinesgarria, baina ez oso gogorra. Ikusi makusi, zer ikusi? Ez dakit, baina hurrengo galdera hara baino, hona bideratuko dut: eta guk zer egingo dugu?