Aspaldi ikasi nuen sententzia juridiko asko erabat oinarritzen direla iritzi politikoetan. Jurista progresistek ere sarri aipatzen dute hori Madrilgo botere judizialaz eta bereziki Auzitegi Nazionalaz ari direnean, ez dela behar epaile bati zer egin behar duen esatea, giro politikoak eramaten duela epailea boterearen norabidean. Eta Espainian boterea eta Guardia Zibila eskutik datoz. Bai, argi izan dezagun haien kontrako ezer terrorismoa izan daitekeela. Mugak Madrilen jartzen dituzte eta haiek interpretatu, jakina. Gorenaren epaia Altsasuko gaian oso argia da: Euskal Herrian badira Guardia Zibilaren aurkako "rutinas de hostigamiento", eta horietan sartzen bazara terrorismoa egiten ari zara, garrantzitsuena ez baita zein delitu mota egin duzun, guardia zibilari hemendik alde egin dezan eragin nahi diozun "terrorea" baizik. Bat gehiago da hau, mila animo beraz, Altsasuko gazteen familiei eta altsasuar suminduei. Gero esango dute XXI. mendean independentista izateak ez duela zentzurik, niri behintzat Madrildik datozen berriek egunetik egunera areagotzen didate Espainiaren amesgaiztoa atzean uzteko gogoa.