1995ean Derryra iritsi nintzen lehen aldian IRA su-etenean zegoen. Hala ere, guretzat harrigarria zen hango militarizazio maila. IRAk su-etena hautsi zuen 1996an, baina berehala berrezarri zuen eta bi urte geroago Ostiral Santuko akordioak sinatu zituzten. Martin McGuinness izan zen prozesu haren bultzatzaile nagusienetakoa. Sinn Feineko burua zen, baina sasoi hartan Derryn esaten zuten IRAko burua ere bazela. Gu jota harrituta, baina tira haiek hala zioten. Gero gobernu autonomo bateko hezkuntza ministroa izan zen, eta gero bigarren lehen ministroa. Egun bakegile dena atzo terrorista zen, beste hainbatetan bezala. Ez da nire asmoa horren apologiarik egitea, are gutxiago hemengo aireak oraindik hainbeste sufrimendu daramanean. Baina hala izen zen. Ez dakit nor izan zitekeen hemengo McGuinness, seguruenik inor ez, eta egia esan, zer inporta du horrek? Hemen gauza txikiekin gaude oraindik, edo akaso gauza txiki-handiekin. Bai, badator apirilaren 8a: dagokionak armak emango ditu. Ea ondoren dagokionak ziega batzuk irekitzen hasten den. Bai, gure eguna ere iritsiko da.