Euskararen garapenerako gauza asko egin dezake beti gobernu batek. Borondate handia badu, lege txarrarekin edo onarekin. Hori edozein arlotan gainera, baina ez zaigu bururatzen ekonomia edo osasunaren esparruetan lege txarrekin aurrera egitea. Hobe laban ona kamutsa baino. Euskararen Legea hor dago, euskaldunoi eta euskaltzaleoi ez zaigu gustatzen, egin behar izatekotan orain bat, ez genukeen hori egingo. Baina gobernuan orain beldur dira, argi ez bagabiltza gobernua gal dezakegu eta. Euskaldunongatik gobernua galdu! Tori zama gure gainera. Txarrena da batzuetan, hainbeste errepikatuta, sinetsi egiten dugula. Nafarroako hainbat egoera soziolinguistiko kontuan hartu behar dira bai, horretan asmatu behar da ongi, horrekin kontuz ibili. Baina legea aldatu... nola ez ba? Noiz? Hori politikarien lana da, baina lehenbailehen. Hurrengo gobernurako lehia ere gogorra izango da, indar harremanak orekan dira. Euskararen Legea aldatu gabe gobernua galtzen badugu, enpirikoki demostratua geldituko da ez zela euskararengatik, baina orduan berandu izango da.