ELA sindikatua UGT eta Comisiones Obrerasen ordezkaritzara gerturatzen ari da Nafarroan, gaur bertako egunkari batek argitaratu duenez. UGTk lehen indarra izaten jarraitzen du, Comisionesek bigarrena, hirugarrena ELA, haiengandik gertu eta laugarrena LAB. Kontua da UGTk eta Comisionesek atzera egiten jarraitzen dutela hauteskunde sindikaletan azken urte luzeetan, eta ELAk eta LABek aurrera. ELAk ia puntu bat egin du gora eta LABek ia erdia. UGTk 1993an %38 zuen eta gaur egun %25. Comisionesek azken 12 urteetako daturik txarrenak ditu. Eta datu hauek guztietatik, komeni da bat borobila azpimarratzea: lehenbiziz UGT eta Comisiones ez dira erdira iristen: hauek %49 eta ELAk eta LABek %37. Datu oso garrantzitsuak dira Nafarroarentzat. Duela 15 urteko oparotasunean, klaserik ez zegoela sinistu genuen ia. Krisiak gogorarazi digu lana eta kapitalaren arteko dialektikak bere horretan jarraitzen duela. Emaitza hauen arabera, langile askok oso argi dute hori.