Tentsioaren alaba

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona 2016ko abe. 16a, 12:31

Nafarroako Gobernuaren balorazioa eskatu nien 14 gizarte mugimenduri ARGIArako egindako erreportaje batean. Balorazio zabalagoarekin batera, 1etik 10erako nota jartzea eskatu nien. Denetarik dago, baina batez bestekoa 5,5 da. Adibidez, Kattalingorri LGTBI elkartearen 8tik ingurumenean diharduen Sustrai Erakuntzaren 2raino. Inpresio txiki bat besterik ez da, baina kontuan hartzekoa. Gutxi? Asko? Entzuleak ere izango du bere nota.

Oro har, gehienek aitortzen dute hainbat gauza aldatu dela onera, baina espero zutenetik urruti dago Gobernuaren jarduna. 16 hilabete besterik ez dira, hasiera, baina askoren ustez hasieran egiten ez bada gero jai. Zaila da gizarte mugimenduen gosea asetzea, eta hala behar du gainera, baina hor da termometro bat. Nota, funtsean, bultza egiteko modu bat ere bada. Gobernuak ezin du gizartea irauli lau urtetan, baina beste lau lortzeko mugimendu hauen guztien sostengua ere behar du. Tentsiotik ihesi ari dira gobernuak normalean, baina tentsiotik errun da beti aldaketa. Gobernu hau berau ere, tentsioaren alaba da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!