Euskararen eguna ospatuko du lehenbiziz Nafarroako Gobernuak bihar. Ordua zen, bai horixe. Zorionak. Eta beraz, erantzun beharko dio egunari aurten dagokion galderari: Zer egin dezake gobernuak euskararen alde? Ari da egiten, zalantzarik gabe, baina gutxi batzuen ustez eta asko besteen aburuz. Hau da, funtsean erabaki behar du ea Kontseiluak esaten diona egin behar duen, azeleragailuari eman, edo bere bazkide den Ezkerrak dioena: "moteldu, azkarregi zoaz eta". Eta gobernuak badaki, era batera edo bestera jokatu, Cordovillako brigadak egurra emango diola.
Ez dut esango moteltzea eskatzen duenari ez zaionik euskara inporta, baina bai euskara ez dela hizkuntza inportantea bere egunerokotasunean. Gutxi aritzen dela euskaraz han hemenka. Euskaraz erdaraz baino gehiago bizitzea ez dagoela haren helburuen artean. Ez daki asko egunero euskaraz aritzearen zailtasunez. Hori seguru. Nafarroako gizartean bada oraindik euskararen aurkako jarrera oso garrantzitsua, baina horri ezin zaio aurre egin guk atzera eginez, edo gure pausua motelduz. Hau konplexua da eta izango da, baina beldurretik ez da inoiz aurrera egiten.