Aroztegiako proiektuak aurrera jarraitzen du eta haren aurka ari den plataforma Nafarroa osoan hasi da hitzaldiak ematen. Lekaroztarrek ez dute halako proiektu baten beharrik, aurka dira. Baztango udala ere aurka da. Baina badakizue, lagunak, hori da garapena eta ze demontre, horretarako daude PSISak, udalek nahi ez dutena inposatzeko. Aldaketaren Gobernuan ere denak ez daude ados, horregatik utzi zuten gaia gobernu akordiotik kanpo. Ahal Dugu, Ezkerra eta EH Bildu aurka, eta Geroa Bai alde. Geroa Bai Legebiltzarrera doa eta UPN, PSN eta PPNrekin ateratzen du gaia aurrera.
Euskararen gaian ere dena ez dago adostua. Horregatik, Hezkuntzako OPE ospetsuan Ezkerrak Legebiltzarrean UPN, PSN eta PPNrekin bat egin zuenean, aldaketaren aldeko gehienoi ez zitzaigun batere gustatu. Geroa Baiko kideek gogor egiten dute protesta horregatik. Aroztegiko kasuan Geroa Bai da UPN, PSN eta PPNrekin doana, baina hori desberdina da, jakina. Hor garapenaz ari gara, enpleguaz, aberastasunaz. Tira, uste dut Aroztegiakoak oraindik soka luzea ekarriko duela, gutxienez aurkako plataformakoek ikusaraztea lortzen badute, eskandalua dena, eskandalua da eta.