Uxue Barkosek aldaketaren Gobernuaren urtebeteko balantzea egin zuen atzo. Ez da nahiko nukeen onena, baina ona da. Eta garrantzitsuagoa, hobetu liteke, behintzat aldaketaren aldeko herritarrak lokartzen ez bagara. Baina posible da lokartzea, bai; posible da pentsatzea gobernuak egingo duela. Gainera, horrela zama bat kentzen dugu gainetik, nekosoa da beti bultzaka aritzea. Gobernu programa zabala eta sakona da oraindik, baina piztia ere hor da, Cordovillako Brigada zain da, Barkosen lepora jauzi egiteko prest.
Bihar izendatuko dute Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko lehendakari. Nafarroako Gobernuarekiko kontrastea ezin handiagoa da: Uxue Barkos-Mariano Rajoy. Zorionekoak gu. Baina kontua da Rajoy nafarren lehendakari ere izango dela, Barkos baino bote handiagoarekin gainera. Denok dakigun bezala, PSOEri esker. PSNri esker. Legealdiak irauten duena entzun beharko dute oihartzuna: PSOEri esker, PSOEri esker, PSOEri esker... Hartu arnasa eta animo, lagunak.