Goizean jaiki eta irratian Kolonbiako bake prozesuaren erreferendumak porrot egin zuela entzutea ez zen albiste bat gehiago izan. “Dedio, batzuk nahiago dute gerra”, esan nion neure buruari. Baldekada bat ur buru gainean. Zartakoa hartu nuen, bai. Gerra telebistatik jarraitzen zuten eskualdeek ezetz esan zioten bake prozesuari; gerra haien larrutan bizi zuten eskualdeek baietz. Umiliagarria eta latza zen uribismoaren azken garaipena. Kolore oso desberdineko egunkariak bisitatu nituen eta El Mundotik Gararaino inori ez zitzaion gustatu ezetz zoro eta arriskutsu hura. Mundu zabalean berdintsu.
Bost urte iragan dira Aieteko Bake Konferentzia eta ETAren iragarpen ospetsutik. Erreferendumik gabe, hemengo bake prozesua erortzen utzi zuten aktore boteretsuenek. Erraza ez da izango, baina oraindik salba dezakegu prozesu hura uribismoan guztiz hondoratzetik. Batzuei gehiago, baina oro har, guztioi komeni zaigu.