Arraio-marraioa!, esan zuen Txan Magoak! Ziri Magikoa lapurtu didate! “Badakit zein izan den! Txantxan mago ustela izan da ziur! Ezin dut segundu bat ere galdu”.
Bitartean, buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoak galdezka jarraitzen zuen: “Zu al zara buruko hau egin didana?” Ezetz eta ezetz esan zioten animaliek, baina azkenean euliak eman zion pista: Satur harakinaren txakurrak egin zion kaka buruan.
Aita, irakurriko didazu ipuin bat mesedez? Zein 2 minutukoa, 5ekoa edo 10ekoa? Eta ay, zein ona den Henry bihurriarena, bere gurasoak ere kexu ziren: “Zer egin dezakegu horrelako ume batekin?”, negar egiten zuen amak.
Zalantzarik gabe Henry bihurria zen, baina ez zen inoiz Patxi Errementariaren mailara iritsiko: hau bai gaiztoa! Ondo dakite hori infernutik joan-etorrian aritu ziren Zart, Axut eta Gatz deabrutxoak.
Eta Felix herensugea? Hura laino artean nola, atzo gaueko ipuinen artean hegan ibili naizela amestu dut.
Bost urte barru etorriko dira mugikor miserableak beren atzapar luzeekin, baina hori bai, atzokoa, atzo gaueko irakurketa, hori ezingo didate inoiz eraman.