Zein oinarri behar da lurralde bat independentea izan dadin? Zergak jarri, batu eta diru hori administratzea. Gero gizarte segurantza, botere judiziala, polizia, azpiegituren kontrola, telekomunikazioak, energia eta ura, eta azkenik, atzerriko harremanak.
Ekainerako eskumen horiek guztiak Generalitatearen esku egongo dira. Independentziarako prest izango da orduan Katalunia eta, beraz, herritarrek 2017ko irailean erabaki beharko dute zer egin: erreferendumaren txanda. Unionismoak ez du bozkatuko, baina oraingoan erroldaren %50 gainditzea lortuko dute eta independentzia gertuago izango dute.
Orain Espainiaren txanda da: lehenengo Carme Forcadell Parlamenteko lehendakaria auziperatu, ondoren diru iturriren batzuk itxi, autonomia bertan behera utzi, gero Puigdemont espetxera, eta geroxeago milioika katalan kalera. Guardia Zibilak Rambletako zein txokotan jarriko dituzte? Eta azkenean, independentzia. Beno, orain bakarrik falta zait pelikulari titulua jartzea. Adi baina, esaten dute errealitateak beti gainditzen duela fikzioa.