Zer ote da aldaketa? Bakoitzak bere betaurrekoak ditu. Demokraziaren ikuspegitik urrats handiak egin dira, ezin uka. Entzuten duzun hizkuntzarekiko ere bai. Ate asko zabaldu dira. Astelehenean uhin berrietan eztanda egingo du irrati honek.
Baina txiroak txiro jarraitzen du. Langabetuak langabetu. LOMCEk ere hor. Eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Murrizketen triskantzak bere horretan gehienak. Euskalgintzaren patriketan, piska bat ez da mucho.
Ez da sosik. Eta gainera, erregimenak bizirik dirau hedabide nagusienetan eta epaitegietan. Zeresanik ez diruak agintzen duen guneetan. Badakite non den aldaketaren alde ahula: euskararen lubakian. Eta Cordovillako Brigadak tiro egin du, behin eta berriz. Aldaketa defendatzea, aldaketan sakontzea eskatzea da. Gureak direlako bai, horrexegatik lotsa eta erruki gabe exijituz. Bestela, aldaketa bide hasieran geldituko baita.