Oxfam Intermonen bidez jakin dugu sinestea ere kosta egiten den albiste bat: Estatu Batuetako hegaztien industrian 250.000 pertsonek egiten dute lan. Langilea katean da eta minutuko 45 zati egin behar ditu hainbat oilaskorekin. Ni etxean ibiltzen naiz oilasko osoa zatitzen eta ezin dut irudikatu minutu batean nola egin daitezkeen 45 zati. Langile latinoamerikarrak minutua joan eta minutua etorri, 45 zati bakoitzean.
Ez dute ezertarako denborarik. Erritmo horri ezin zaio borondatez bakarrik eutsi, beraz zaindarien mehatxua ere behar da. XXI. mendeko latigoa. Horrela ulertzen da albistearen muina: horietako milaka langilek pardelekin egiten dute lan, pixa eta kaka gainean eginez, komunera joateko baimena eskatzeko beldurrak jota.
Juan Rosell, Espainiako enpresarien CEOE elkarteko lehendakariak argi esan du astean: Lan finko eta segurua, XIX. mendeko kontzeptua da. Lana izateko borrokatu beharko dute gure seme-alabek, baina agian lanera pardelarekin ez joateko ere bai.