Irailak 26. Greba Orokorra Iruñean, Polizia Nazionalaren hilera ikusgarriak zorrotz zaintzen du Foru Diputazioa. Klik.
Begira, pikete bat han! Zalaparta… eta polizia batek borraz kolpatzen du Sabino Cuadra diputatua. Klik.
Sarasate Pasealekuan gomazko pilotaz jotako gaztea lurrean etzanda geratu da. Klik.
Eta poliziek gogor astintzen dute beste bat San Nicolas eliza kantoian. Klik.
Zenbat klik argigarri. Zenbat Klik polizi bortxaren erakusgarri. Zenbat mesprezu, kolpe eta irain. Klik. Klik. Klik. Agertu bederen agertuko da. Gero gerokoak.
Gerokoa gehienetan salaketaren artxibatzea da. Eta geroagokoak dio jadanik ezin dela klik egin, baimena eskatu behar diozula poliziari. “Bai kazetari jauna, hala kolpatzen dugu: egin klik lasai”.
Klik egin dute Argiak eta Axier Lopezek eta Mozal Legea askatu die Espainiako Gobernuak. Kazetaritzarako eskubidea ukatu nahi digute, guri eta gainerako guztiei. Informaziorako eskubidea ukatu herritarrari.
Eta guk, berriz klik.