Pozarren nago azkenean etxeko hondakin organikoak kubotxo marroira botatzeko aukera dudalako.
Ilargia zapaldu zuen Amstrong astronautaren tankeran sentitzen naiz kuboaren tapa ireki eta laranja azalak barrura botatzen ditudanean: “Urrats txiki bat pertsonarentzat, handia humanitatearentzat”.
Asteon ezagutu dugu Nafarroako Gobernuak hondakinen kudeaketarako aurkeztu duen plana. Norabide egokian da. Eta garrantzitsuena: ez du errausketarik aurreikusten.
Tira, ez da guztiz egia, hondakinen zati bat zementu fabriketan errausteko asmoa dago eta. Horra orbana, baina oraingoz, bego.
“Kontuz baina, hondakinekin!”, esango dizute esker-eskuin. Eta kondairak dio EH Bilduk Gipuzkoako Diputazioa galdu zuela zaborrengatik.
Eta ni neure artean… “Galdu?”. Baina hango eskualde asko Europaren puntan dira hondakinak gaika biltzen eta. Sakanan bezala. Izan bedi, Nafarroan bezala: “Urrats txiki bat pertsonarentzat, handia humanitatearentzat”.