Beste arrakala batek bereizten ditu axola ez zaien multzoa eta euskaltzaleena. Zaila da esatea, baina uste dut lehen taldekoak nagusi direla oraindik.
Euskaltzaleen artean ere bi talde dira: euskaldunak eta ez dakitenak. Ez dakitenen bultzada giltzarri da: legea, giroa eta bestelako laguntzak, euskaltzaleen multzotik ateratzen dira.
Eta azken bereizketa euskaldunen artekoa da: euskaraz bizi nahi dutenak, eta praktikan halakorik hainbeste inporta ez zaienak.
Ez dakit gure diskurtsoa behar adina landua dugun talde horietako bakoitzera argudio egokienekin heltzeko, baina pentsatu beharko dugu hortaz. Kontua da, oro har, euskaraz bizi nahi dugunok beti justu-justu gabiltzala pentsatzen dugula; eta besteek euskara badoala aurrera.
Hizkuntza batean bizi nahi izatea edo ez. Horrek ikuspegi guztia aldatzen du, baina guk behar dugu beste guztiek hori ulertzea, haiengana heltzea. Lortzen ari ote gara?